Iñaki Zubeldia Estibalitz Jalón KATALINA KONTALARI «Garai batean, amona mantal luzea zomorro txiki bat zen, iglu baten itxurakoa, baina hego zurixkak zeuzkan ia kolorerik gabekoak. Egun batean, marrubiak topatu zituen belazean. Jan eta jan aritu zen, tripa bete arte eta lo geratu zen. Hiru egun pasatu zituen lotan. Esnatzerakoan, bere hegoek kolore gorri bizi-bizia zuten, puntutxo beltzez apainduta. Aspaldi hartan, mendiko belaze batean, txitxarra zahar bat bizi zen. Katalina zuen izena eta oso berritsua zen. Egunero-egunero, antzinako istorioak kontatzen zizkien bere bizilagunei, haurtzaroan berari amonak kontatutakoak. Behin batean, Katalina txitxarrak istorio hauxe kontatu zien inguruko zomorroei: Haren senitartekoek inbidia sentitu zuten, kolore eder hura ikusita, eta marrubiak jan zituzten tripa puztu arte. Lozorrotik irtetean, haiek ere marrubien kolore gorriz eta puntutxo beltzez apainduta esnatu ziren. Ordutik aurrera, amona mantangorri deitzen zaie eta orain askoz politagoak dira. Umeei asko gustatzen zaie haiekin jolastea.» Zomorro guztiek ahozabalik entzun zuten amona mantangorrien ipuina eta txalo beroa jo zioten Katalina txitxarrari ipuina bukatzean. Matxin hankaluzeak izan ezik. –Zergatik ez duzu kontatzen hankaluzeon ipuinen bat? –erregutu zion Katalinari. –Zuek ez daukazuelako kontatzeko moduko istoriorik! –Katalinak, haserre antzean. –Ba…, egunen batean, gure historia kontatu beharko duzu. Beste animaliek errukiz begiratu zioten Matxin hankaluzeari, oso traketsa eta baldarra baitzen eta ez baitzeukan besteentzat deigarri izan zitekeen ezer. Hurrengo goizean, pagoaren itzalpean, bildu ziren zomorroak, eta Katalina txitxarrak tximeletaren ipuina kontatu zien. «Aspaldi hartan, tximeleta bat burumakur eta kopetilun ibiltzen zen, hegoak errauts kolorekoak zeuzkalako eta besteak bezain polita ez zelako. Baina egun batez nekatu egin zen hegan ibiltzeaz eta lore koloretsuen artean pausatu zen atseden hartzeko. Loreen edertasuna ikustean, negarrez hasi zen. Haren malkoak loreen gainera erori ziren, eta loreen koloreak hegoetan itsatsi zitzaizkion, tximeleta batek sekula izan dituen kolorerik ederrenak hartuz. Beste zomorroengana itzuli zenean, haiek ezin izan zuten harridura ezkutatu: –Ooo! –oihukatu zuten zorabiaturik. Orain, belazeko tximeletarik ederrena zen, eta agian, munduko politena ere bai.» Berriro ere zomorroen esker oneko txalo hotsak entzun ziren. Eta Matxin hankaluzearen kexua. –Noiz hitz egin behar duzu hankaluzeei buruz? Txitxarra zaharrak ez zion begiratu ere egin eta atseden hartzera joan zen. Kilkerraren kantu hotsak bakarrik alaitu zuen belazea. Orduan hankaluzeak txingurri saiatua ikusi zuen, gari alea bizkarrean zuela, inurritegirantz. Gosea sentitu zuen Matxinek eta belar goxoenak bilatzen hasi zen sabeleko zulo hura estaltzeko. Landare berde bat aurkitu zuen, eta mendiko belar goxoena izango zelakoan irentsi egin zuen. Landare itxurako zera kiribildu hura malguki txiki bat zen, norbaitek mendian galdutakoa. Irentsi orduko, Matxin izugarrizko saltoak ematen hasi zen. Beste zomorroei iruditu zitzaien mendiz mendi joango zela salto haiekin. Eta handik aurrera Matxinsalto deitu zioten. Matxinek egin zezakeena ikusita, haren senideek laguntza eskatu zioten. Egun batzuk geroago haiek ere saltoka hasi ziren. Konturatu ziren beren atzeko hanka luzeak ez zirela arrastaka eramateko, saltoak egiteko baizik! Belazeko beste zomorroek barre ugari egin zuten ibilera xelebre hura ikusita. Baina, berehala matxinsaltoei inbidia galanta izan zieten. Intsektuen Joko Olinpikoak jokatu zirenean, hankaluzeek jauzi proba guztiak irabazi zituzten. Orain denek miresten zituzten matxinsaltoak. Katalina txitxarrak hankaluzeari barkamena eskatu eta hurrengo bilerara gonbidatu zuen. Han kontatu zien matxinsaltoaren historia belazeko zomorro txikienei. Ordutik aurrera, matxinsaltoen historia milaka aldiz entzun zen belazean Katalinaren ahotik, eta horrela, ahoz aho, guganaino iritsi da. Album ilustratu honek Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du. © Testua: Iñaki Zubeldia, 2009 © Irudiak: Estibalitz Jalón, 2009 © Argitalpen hau: Faktoria K de libros Kalandraka argitaletxearen atal bat da Gráficas Anduriña-n inprimatua, España Lehen argitalpena: ekaina, 2010 ISBN: LG: Eskubide guztiak erreserbaturik Pamiela etxea, 2010 Agustindarren industrialdea/Soltxate G kalea, B6 nabea - 31013 Iruñea pamiela@pamiela.com www.pamiela.com Kalandraka Editora, 2010 Italia 37 - 36162 Pontevedra Telf.: 986 860 276 faktoria@faktoriakdelibros.com www. faktoriakdelibros.com Katalina kontalari liburua haurrentzako album ilustratuak sortzeko III. Etxepare Bekarekin saritua izan zen 2009. urtean